Aurkezpena
Krisialdi zorrotza bizi dugu eta gizartean ondorio larriak eragiten ari da: pobrezia eta gizarte-bazterketa gehituz doaz, gizarteko eta laneko eskubideak murrizten ari dira, erdiko eta langile klaseak eskaste eta pobretze egoeran daude, ziurtasunik gabe, beldurrak eta kezkak jota… Azken hamarkadetan izan dira pertsonen ongizateari eta eskubide sozialei kalte egin dieten krisi ekonomikoak, baina, itxura guztien arabera, orain bizi dugun krisi honek ez du parekorik, ikaragarri larria da, higatzen ari da gizarte edo ongizate Estatua deritzanari orain arte eutsi dioten zutabeak: elkartasuna, gizarte-ekitatea eta gizarte-justizia, behar dutenei laguntzea, eskubide sozial eta ekonomikoak. Aurre egin beharreko erronkak itzelak eta historikoak dira.
3/1985 Legeak ezarritakoaren arabera, Arartekoa Legebiltzarraren goi ordezkaria da, Konstituzioaren I. idazpuruan xedatutako eskubideak babesteko sortua. Eskubide horiek legeak ezarritakoarekin bat etorriz bermatu behar ditu, eta Autonomia Estatutuaren 9. artikuluan bildutako demokraziaren printzipio orokorrak bete daitezen zaindu. Horretarako, zuzentzen dudan defentsa-erakundeak herri-administrazioen jarduera ikertu behar du espedienteen bitartez –herritarrek hala eskatuta edo bere kabuz–, baina, era berean, politika publikoak eta pertsonen eskubideak babesteko sistema ebaluatu behar ditu, botere publikoei gomendioak eginez edo pertsonen eskubideak errespetatzeko kultura edo eskubide horiek babesteko sistema indartzea helburu duten txostenak, azterlanak edo ideiak gauzatzea sustatuz. Horren haritik, gure ustez, Arartekoa ezin da geldi geratu oso egoera larri eta kontuzko honen aurrean, izan ere, zuzenean eragiten ari da euskal herritarren eskubide sozialetan eta ongizatean. Ikaragarri gehitu da krisiak eragindako arazoengatik erakundera etortzen diren pertsonen kopurua. Herritarrei kasu egiteko gure ahalmenaren mugan gaude, ahaleginak areagotzen ari gara, bi helbururekin: alde batetik, informazioa eta aholkuak ematea lanik gabe geratu diren eta langabeziagatiko prestaziorik ez duten edo prestazioak agortu dituzten pertsonei eta familiei, edota, hipoteka edo errenta ordaindu ezin dutelako, etxea utzarazteko prozeduretan jauzi direnei; eta, bestetik, ahalik eta eperik laburrenean izapidetzea herritarrek, beren eskubideak urratzen dituztela edo administrazio onaren kontrakoak direla uste dutelako, administrazioen jarduera batzuen kontra egin dituzten kexak. Bi urtean, bider sei ugaritu dira gizarte-laguntza ekonomikoak kudeatzean administrazioek burututako jarduerekin zerikusia duten kexa-espedienteak.
Gure eskumenak erabiltzean, baliagarria eta egokia iruditu zaigu gizarteari, gizarte-erakundeei eta botere publiko eta administrazioei gertatzen ari denaz hainbat analisi eta ikuspuntu ematea, erakundearen arduraren ikuspegitik begiratuta. Aldi berean, ahaleginak egiten ari gara eskubide sozialen gutxienezko eta ezin aldatuzko edukien mugak agerian jartzeko. Gai hori dela eta, azterlan juridiko bat prestatu dugu krisi ekonomikoko garaian politika publikoak diseinatzen direnean giza eskubideek –batez ere eskubide sozioekonomikoek– duten esanahiaz. Espainiako Konstituzioaren araudia, giza eskubideen nazioarteko zuzenbidea eta horrekin lotutako jurisprudentzia aztertu eta oinarritzat hartuta, azterlan horretan (liburuki honetan sartuta dago) aldezten da giza eskubideek betebehar bat sortzen dietela botere publikoei: politikak, prestazioak eta zerbitzuak sortu eta iraunarazteko betebeharra, eskubide horiek baliatu eta eraginkortasunez beteko direla bermatzeko.
Joan den maiatzaren 14an eta 15ean Arartekoak jardunaldi batzuk antolatu zituen izenburu honekin: “Eskubide sozialak krisi garaian. Badago konponbidea, bila ditzagun aukerak”. Jardunaldi horietan zenbait pertsonak hartu zuten parte, giza eta gizarte eskubideetan, ekonomian, politika publikoetan, demografian edo Europako politiketan adituek, baita Euskal Herriko gizarte-errealitatea ondo ezagutzen duten adituek ere. Argitalpen honetan bildu dira, hain zuzen, jardunaldi haietako ponentziak. Horietan izan ziren mintzaldiek eta eztabaidek agerian jarri zuten bizi dugun egoera arras konplexua dela eta izugarri zaila dela horri konponbidea aurkitzea.
Krisiak, 2008. urtearen bukaeran sortu zenetik, sorburu eta alderdi finantzarioak ditu, zalantza barik. Europar alderdi nabarmena ere badu, edo, hobeto esanda, krisiaren konponbideak estu-estu lotuta daude EBren barruan diru-batasuna edo Eurogunea osatzen duten hamazazpi herrialdeetako politikekin, baita haietan hartzen ari diren eta hartuko diren erabakiekin ere. Beraz, eskubide sozialak mantendu, babestu eta iraunaraziko direla bermatzeko egiten den proposamen orok finantza-sistemaren muineko gaiak aztertu beharko ditu, eta Europako agintari politiko eta ekonomiko-finantzarioen portaera ere bai. Egungo krisi finantzario honetan, neurri handi batean Europako organo eta agintarien esku dago (euroaren eta Europako Banku Zentralaren inguruko diru-batasuna dagoelako) erabakiak eta neurriak hartzea. Erabaki eta neurri horien bitartez, konponbideak eman behar dira Espainiako herri-administrazioek eta, batez ere, sektore pribatuak (banku, kutxa eta enpresek) metatutako zorra ordaintzeko eta berriz finantzatzeko. Orobat, Europako erakundeen partaidetza erabakigarria da finantza-baliabide berriak lortzeko, administrazioen eta enpresen beharrak ase ahal izan daitezen. Horrela, administrazioek beren aurrekontu defizitei aurre egingo liekete, eta enpresek, beren inbertsioei. Alabaina, hartzen ari diren erabakiak zuzenak ote diren, eta har daitezkeen bakarrak ote diren galde diezaiokegu geure buruari.
Hersturari buruzko diskurtso bakarraren aurrean, interes-talde jakin batzuen interesen aurrean, ongizate Estatuaren kontrako arau neoliberalen aurrean, aditu askoren iritziz, beste politika batzuk gauza daitezke Eurogunean eta EBn. Urrutira joan gabe, François Hollande Frantziako lehendakaritzara iristeak lehenago ezinezkoa zirudien bide berri bat ireki du EBko politikan: ekonomia hazteko eta enplegua sortzeko politikak abiaraztea, zorrak eta defizit publikoak gutxitzeko planen osagarri. Bestalde, Europako Banku Zentralak (EBZ) orain betetzen duen eginkizunaz bestelako bat bete lezake. Michel Rocardek eta Pierre Larrouturouk hauxe proposatu zuten urtearen hasieran: EBZk zuzenean herri-administrazioei mailegua eman ahal izatea, legez ezarritako interesarekin –bankuekin egiten duenaren antzera– edo interes txikiagoarekin1.
Europako proiektua bere unerik txarrenean dago, ziur aski. Oraingoz, erakunde europarren eta Europar Batasuneko gobernu gehienen portaera ez da nahi bezalakoa, ez horixe. Euroguneko eta EBko Estatu kide ahaltsuenetako agintari politikoek, dirudienez, erakunde pribatuek eta administrazio publikoek beren herrialdeetako bankuekin egindako zorrak ordain daitezen bermatu nahi dute; hori lortzeko, herrialde zorpetuenak estutzen dituzte, kosta ahala kosta zorren ordainketa berma dezaten, nahiz eta zor horiek herri-administrazioek sortuak ez izan2.
Erabakimen politikoa duten lurralde-maila guztietan –Europar Batasunetik eta Eurogunetik hasita– lehenbailehen kokatu beharra dago bankuen erreskatearen gainetik Estatu soziala eta eskubide sozialak mantendu eta iraunarazteari buruzko eztabaida. Arrazoizkoa dirudi defizit eta zor publiko horiek denboran barrena onargarriak eta iraunkorrak izango diren tarteetan kokatzen ahalegintzeak, baita aurrekontuan oreka bilatzeak ere, horrela 1992an Maastrichten finkatu ziren helburuak betez. Arrazoizkoa dirudi, halaber, horretarako zerga-batasunaren bidean aurrera egiteak. Baina, aldi berean, ezinbestekoa da Euroguneak eta EBk finantza-sistema sendo eta egonkorra lortzea, toxikotasunik, amarrurik, iruzurrik eta interes espekulatzailerik gabea.
Azken bolada honetan sarri aipatzen dira EBren hankak, diru-batasuna ez dela nahikoa banku-hanka komunik izan gabe, zerga-hanka komunik gabe… Aintzat hartzen ez den funtsezko zutabe bat dago, ordea: herritartasun europarra behar da, Europar Batasuna osatzen dugun emakumeon eta gizonon borondate komuna, gizarte-kontratu bat, guztiok elkarrekin partekatutako proiektu batekin eta helburu batzuekin lotuko gaituena, eta, batez ere, elkarrekin partekatutako balio batzuekin: elkartasuna, gizarteratzea, gizarte-ekitatea eta gizarte-justizia. Balio horiek agertu ziren, neurri batean, II. Mundu Gerraren ondoren Europako herrialdeak berreraiki zirenean, haietako batzuek Estatu sozialaren edo Ongizate Estatuaren oinarriak finkatu zituztenean, haietako seik EEEren sorrera bultzatu zutenean –hori izan zen oraingo 27 herrialdeko Europar Batasuna erein zuen hazia–, Alemania berriz bateratu zenean, Ekialdeko Blokea gainbehera etorri eta Europa bitan banatu zuen harresi lotsagarria suntsitu eta gero, Europar Batasuna ekialderantz zabaldu eta beste herrialde batzuk bere baitan hartu zituenean… Krisia iritsi den arte. Orain hautsi egin dira konfiantzazko, elkartasunezko eta proiektu komun bat partekatzeko loturak. Horregatik, lehenbailehen berreraiki beharra dago Europako herritartasunaren zutabea, Europar Batasunak krisia bere burua indartuz eta herritarren eskubide sozialak murriztu barik gaindi dezan bultzatzeko eta bermatzeko.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko uztaila
1 Kalkulatu denez, iazko urria eta aurtengo maiatza bitartean, EBZk bilioi bat euro inguru mailegatu die bankuei %1eko interesarekin; diru horren zati bat zor izugarri horrekin negozioa egiteko erabili dute bankuek, bonu publikoak interes handiagoarekin erosiz. Egia da Europako araudiak hori egitea debekatzen duela, baina araudi hori alda liteke, edo, bestela, Frantziako lehen ministro ohiak eta ekonomialariak zera proposatu zuten: dirua %0,1eko interesarekin mailega ziezaiola Europako Inbertsio Bankuari (EIB), eta hark %0,2an herri-administrazioei. Nolanahi ere, harrigarria da EIBren paralisia eta EBZren jarduerarik eza, izan ere, Europako bi finantza-tresna ahaltsu dira eta, oraingo egoeran, arriskuan daude euroaren iraunkortasuna, Europako Estatu batzuen Estatu Sozialaren iraunkortasuna; gainera, Europako herrialde batzuetan eskubide sozialak murrizten ari dira eta horrek oso ondorio larriak ditu: pobretasuna ikaragarri haztea eta egoera larriak ugaltzea (etxerik gabe eta goseak dauden pertsonak, adibidez).
2 Horren erakusgarri argia da behea jotzear dauden Espainiako finantza-erakundeak berriz kapitalizatzeko asmoz 100.000 milioi euroko mailegu europarra ematearekin zerikusia duen kudeaketa. Horren gainean, interes publikoa eta herritarren eskubideak babestearen ikuspegitik, gure ustez, erabateko gardentasuna exijitu beharko litzateke laguntza publikoen arloan. Hau da, finantza-erakundeen erreskatea behar bezala eta arrazoiak emanez justifikatu beharko litzateke, argi eta jendaurrean, eta argi eta garbi adierazi beharko litzateke zer ondorio ekarriko lituzkeen balizko kiebra jotzeak. Era berean, jendaurrean azaldu beharko litzateke zeintzuk diren erakunde hartzekodunak, zenbat zor zaien, kredituak zertarako eman ziren, bere garaian zer arrisku-analisia egin zuten, zer kontrol egon diren banku hartzekodunetatik kutxa eta banku zordunetarako kapitalen fluxuan, baita horiek egindako gastuan ere, eta abar. Hortik abiatuta, gardentasun osoa exijitu beharko litzateke, halaber, Euroguneak emandako maileguari dagokionez exijitu diren baldintzen eta berme edo abalen gainean. Azken batean, Estatu espainiarraren abalaz beste aukerarik ez al dago? Horretarako, ez al dago gastu publikoa, soldatak eta gastu soziala kredituaren zenbatekoaren pareko kopuruan murrizteaz beste aukerarik, aurrekontuaren defizitaren helburuak kosta ahala kosta mantentzeko?